XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERREPORTAIA

Ikastetxeetako ikasketak amaitzean gero eta jende gehiagok hartzen du unibertsitateko bidea.

Gazteentzako lanik ez dagoenez ikasten jarraitzea izaten da gehienek aukeratzen dutena.

Azken urteotan titulazio berri asko irten dira eta hezkuntzak aukera zabala eskaintzen du.

Ondorengo lerroetan goi mailako ikasketa egiteko ahalmen ekonomikoei eta egoera geografikoari buruz hitz egiten da.

Tartean herriko unibertsitari batzuen esperientzia ere kontatzen da.

Honez gain, etorkizunera begira, eskatzen den etengabeko formakuntza eta jakituriaren langilearen inguruko erreflexioa egiten da.

Etorkizunerako ikasten

Aurten ere makina bat lagun hasiko zen unibertsitatean eta baita bestelako formakuntza ikasketetan ere.

Aretxabaletako HEZIBIDEn aurkitu ditugun datuen arabera, Ingeniaritza eta Enpresa-zientziak dira Aretxabaletako gazte gehienek aukeratu dituzten ikasketak.

Bestetik, Magisteritza, Zuzenbidea, Informatika eta Filologia ere arrakastatsuak dira atxabaltar gazteen artean.

Orain urte batzuk, Zuzenbidea, Medikuntza, Ingeniaritza... ziren jende gehientsuenen ahotan zebiltzan ikasketak.

Gaur egun, gizartearen behar eta eskariari erantzuteko ikasketa eta titulu berriak sortu dira.

Titulazio berri hauei esker espezializazio haundiagoa duten ikasketak eskaintzen dira; ikasleak bere curriculum-a lantzeko aukera hobea izango du horrela.

Posibilitate ekonomikoa eta egoera geografikoa

Gaur egun jende gehienak du goi mailako ikasketak egiteko aukera.

Baina honelako ikasketek gastu haundia suposatzen dute, are gehiago, ikasketa zentrua etxetik urrun gelditzen denean eta ikasleari ikastetxea dagoen lekuan gelditzea eskatzen dionean.

Gure inguruak, eskaintzen du goi mailako ikasketak burutzeko hainbat aukera.

Eskoriatzan Irakasle Eskola dago, Arrasaten Eskola Politeknikoa (Ingeniaritza), eta Oñatin ETEO, enpresa-zientziak ikasteko.

Bestetik, goi mailako irakaskuntza alorrean bada gure bailaran beste proiektu bat ere, Mondragon Unibertsitatea hain zuzen ere.

Mondragon Eskola Politeknikoa, Irakasle Eskola eta ETEO dira proiektu hau aurrera eramaten ari direnak.

Inguruko enpresek dituzten beharrak asetzea du helburu.

Atxabaltar asko dira inguruko eskaintza ikusita, etxe inguruan ikasten gelditzen direnak.

Iker Ugarte eta Mikel Mendiaratx esaterako ingeniaritza ikasten hasi dira aurten Arrasateko Eskola Politeknikoan.

Beraiei gehien gustatzen zaizkien arloak daudelako aukeratu dute, baina etxetik gertu egotea ere kontutan hartu dute.